lunes, 9 de abril de 2007

KIROLA HAURTZAROAN ETA NERABEZAROAN








Haurtzaroan eta nerabezaroan kirola erregulartasunez praktikatzea, onuragarria da garapen fisiko eta pertsonalerako. Gainera, gaixotasunak prebenitzeaz gain, frogatuta dago kirola maiztasunez egiten duten nerabeek droga gutxiago kontsumitzen dutela: bizimodu sedentarioa, tabakismoa, pisu larregia, elikadura kaltegarria eta beste aldagai batzuk egoten dira mundu garatuarekin lotzen diren gaixotasun degeneratiboen sorrera eta garapenean; arterioesklerosia, artrosia, 2.motako diabetesa etab. Patologia horiek, nagusitan agertzen diren arren, haurtzaroan hasten dira sortzen. Eta orduantxe has daitezke prebenitzen ere, kirola eginez besteak beste.






BA OTE DA KIROL KALTEGARRIRIK?






Faktore askok eragin dezake kirola aukeratzerakoan, norbere zaletasunez gain; baina hedabideen eragina da aipagarriena: telebistan gehien ikusten diren kirolek arrakasta handiagoa izaten dute gazteen artean.



Kirol jakin bat haurrarentzat ona ala txarra ote den galdetzen diote gurasoek sarri beren buruari. Erantzutea ez da erraza, kirola haurrentzat orokorrean ona dela frogatu den arren, ez baitago ikerketa zehatzik kirol mota bakoitzak haurraren hazkunde eta garapenen duen eraginari buruz. Hala ere, orientazio gisa kirol medikuek gai horri buruz ohartarazten dutena azalduko dugu. Kontuan izan "arriskua" hitza hazkunde eta garapenari begira bakarrik erabiltzen dela.



Arriskurik gabeko kirolak, onuragarriak : igeriketa, txirrindularitza, eskubaloia, saskibaloia, patinajea



Kirol eztabaidagarriak: tenisa, squasha, ekitazioa, lurreko gimnasia, dantza klasikoa, judoa, esgrima, eskia



Arriskuko kirolak: errugbya, futbola, tranpolin eta palanka saltoa, halterofilia, wind surfa, eski nautikoa






HAUR ETA NERABEENTZAKO KIROLA HAUTATZEKO:






Udaberria eta uda garai egokiak dira kanpoko kirol-ekintzetan hasteko: martxa, paseoa, senderismoa, igeriketa, mendia, bizikleta, etab. Bide batez, natura maitatu eta gozatzen ikasiko du haurrak. Baina ez ahaztu:




  • Kirol-jarduera bat hautatzerakoan orientazioa eman behar zaio haurrari, baina bere zaletasunak errespetatuta beti.


  • Kirol-jarduerak bat etorri behar du haurraren ezaugarriekin eta bere gorpuzkerarekin.


  • Jolas gisa praktikatu behar du, sakrifizio eta sufrimendurik gabe.


  • Lehia apur bat izan dezake, baina muga batzuen barruan eta, jakina, ez zaio erakutsi behar "onena eta lehena izateko grinarik, bigarren geratzea porrota delako". Sarritan, gurasoek bultzatu egiten dute lehiarako sena oharkabean eta etorkizuneko frustrazioak ereiten dituzte horrela.


  • Kirolak lagungarri izan behar du haurraren garapen integralean. Kirol espezializatu bat egitea aukeratzen badu, espezializazioaren eraginak neutralizatuko dituzten eta desoreka eta asimetria fisikoak zuzenduko dituzten beste jarduera batzuekin osatu behar dira.


  • Igeriketa osagarri ona da bestelako kirol jarduerentzako.


  • Hezurren hazkundea abentura da haurrarentzat, errespetatu egin behar da eta hazten ari diren kartilagoentzako eta hezurren garapen orekatuarentzat eraso gerta daitezkeen kirolak ekidin egin behar dira.


  • Behar den beroketa egitera ohitu behar da haurra, egin behar duen ekintzarako gorputza prestatzeko eta amaitzean giharrak erlaxatu eta luzatzeko ariketak egin ditzala




No hay comentarios: